URREZKO DOMINA

URREZKO DOMINA

Nafarroako Foru Komunitateko kondekorazio gorena den Urrezko Dominak, gizartearen hobekuntzarako, balio demokratikoak sendotzeko nahiz Nafarroa kanpoan proiektatzeko egindako ekarpenengatik nabarmendu diren pertsonak, erakundeak, entitateak eta kolektiboak aintzatetsi eta saritzen ditu.

2019ko Urrezko Domina ADACEN elkarteari, Nafarroako Garuneko Lesioaren Elkarteari, eman dio Nafarroako Gobernuak, “jarduera eredugarria, solidarioa eta osasuna sustatzeko egindako jarduerarengatik, gizartea hobetzen zinez laguntzen baitu”.

Golardoa Foru Erkidegoko kondekorazio handiena da, eta hori emateko dekretuan jasotakoaren arabera, ADACEN “irabazi asmorik gabeko erakundea da, hartutako kalte zerebrala duten pertsonekin eta haien familiekin konprometitua”. Azkenik, Gobernuak “ADACEN Elkartearen lana nabarmendu du, hasiera batean premia sozio-sanitarioen estaldura indartu nahian, eta gero erreferentzia-zentro bilakatu delako, esku hartzeko metodologia propioa garatzeagatik; hau da, ‘LivingLab’, metodologia oso berritzailea, nazioarteko foro ezberdinetan ere aurkeztu dutena”.

Gogoratu behar da, bigarren urtez jarraian, parte hartzeko prozesua egin dela, eta herritarrek beren hautagaiak aurkeztu ahal izan dituztela Nafarroako sari nagusia emateko. Sari horren bitartez, gizartea hobetzeko, balio demokratikoak finkatzeko eta Nafarroa kanpoan proiektatzeko ekarpena egiteagatik nabarmendu diren pertsonak, instituzioak, erakundeak eta taldeak saritzen dira.

Epaimahaia, pasa den urriaren 23an aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari erakunde eta pertsona hautagaien hirukotea, eta pertsonak artatzeko metodologiaren bilakaera baloratu zuen, pertsonen eta haien familien bizimodua hobetzeko lankidetzako proiektuaren bitartez. Banan-banako ereduak sortzen ditu, eta kalitate-arau zorrotzak bete behar izateaz gain, arlo sozio-sanitarioan berrikuntza garrantzitsua egitea lortu dute. Metodologiaren bitartez, gizarte-kohesioa indartzen da, administrazio publikoarekin nahiz erakunde sozial eta enpresa pribatuekin landutako lankidetza-lanaren bidez.

ADACEN erakundearen hautagaitzak 25 atxikimendu ditu erakunde, enpresa eta administrazio publikoen artean; tartean, NUP, Osasun Zientzien Fakultatea, CIMA eta Nafarroako Medikuen Elkargo Ofiziala. Erakundeak aurten 25 urte bete ditu hartutako kalte zerebrala dutenekin eta haien familiekin lanean.