Medalla de Oro

Nafarroako Urrezko Domina

Espacio en blanco

Medalla de Oro - Acto de entrega

Nafarroaren Eguneko Ekitaldi Instituzionala

2020ko abenduaren 3a, osteguna 

12:00etan, Tronuaren Aretoa, Nafarroako Jauregia

 

Heldu den abenduaren 3an, ostegunarekin, Nafarroaren Eguneko Ekitaldi Instituzionala eginen da Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan. Nafarroako Urrezko Domina emanen da ekitaldi horretan, hau da, Foru Erkidegoko sari nagusia, Nafarroaren interesak babesten, sustatzen eta zabaltzen gizarte osoak aintzat hartzen dituen merituak egin dituzten pertsona, erakunde, entitateei eta kolektiboei zuzendua.

Ekitaldiko buru Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivite Navascués izanen da, eta sartzeko aukera, berez gonbidapena jaso dutenek baizik izaten ez zutena, erabat murriztuko da aurten, COVID-19aren krisia dela eta.

Saria jasotzeko hiru hautagai izan dira 2020an: ehun urte bete dituen Club Atlético Osasuna, 175. urtemugara iritsi den Plaza de la Cruz BHI, eta Nafarroako osasungintzako eta arlo sozio-sanitarioko langileak, COVID-19aren aurka borrokatzea egokitu zaien urtean. Azken horientzat izanen da domina. 

Nafarroako Gobernuak goraipatu egin du COVID-19aren pandemian langile horiek izan duten jarrera, “sakrifizioz, berentzako eta beren familientzako arriskuari buru eginez eta oso egoera zailean ahaleginduz” lan egin baitute. Hautagaitza AFAPNA sindikatuak aurkeztu zuen duela hilabete batzuk. Eskarian, langile horiek bai pandemian bai ohiko egoeretan egiten dute lanagatik galdegin zuten saria emateko, “lan hori baita gure komunitate osoaren osasunaren bermea”.

Espacio en blanco

Raya fina negra


Medalla de Oro - historia

Nafarroako Urrezko Domina

Medalla de Oro de Navarra / Nafarroako Urrezko Domina Foru Erkidegoan ematen den sari gorena da. Haren bitartez, Nafarroako Gobernuak aitortza egin die, 1982tik, gizartea hobetzeko, balio demokratikoak finkatzeko eta Foru Erkidegoaren irudia kanpora zabaltzeko ekarpena egiteagatik nabarmendu diren pertsonei, erakundeei, entitateei eta kolektiboei. Hirugarren urtez jarraian, 2020an herritarrek saria jasotzeko hautagaitzak aurkezten ahal izan dituzte, parte-hartzezko prozesu batean.

Javier Remírez lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria buru duen epaimahaiak hiru hautagaitza aukeratzen ditu, gehienez ere, aurkezturiko guztien artetik, honako irizpideak aintzat hartuz: gizarte osoak eredugarritzat duen jokabidea, banako zein kolektiboarena; gizartearen balio demokratikoei eginiko ekarpena; elkartasunaren eta herritarren onerako lanaren esparruko ekintzen sustapena; gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen saiatzen diren ibilbideak, haren jarduera kulturalaren, enpresarialaren, sozialaren... hainbat ikuspuntutatik; emakumeek gizarteari eginiko ekarpena aitortzen duen genero-parekidetasuna; hezkuntzaren, osasunaren, ingurumenaren eta gizarte-aurrerapenaren sustapena; eta Nafarroaren irudiari bultzada ematea bertatik kanpo. Epaimahaiak aukeraturiko hautagaitzak eramaten dizkio Foru Gobernuari, eta hark, Nafarroako Lehendakariaren edo Gobernuko edozein kideren ekimenez, horietako bat hautatu eta domina ematea onetsiko du, saridunak aldez aurretik hura jasotzearekin ados dagoela adierazi badu.

Espacio en blanco